Bainugelako gaien birziklapena

2025/06/05

Gutxitan pentsatzen dugun arren, gure etxeko bainugelan produktu desberdin ugari aurkitzen dira, bai gure higiene pertsonalerako, bai gure azala eta ilea zaintzeko erabiltzen ditugunak. Xanpuak, gelak, hortzetako pasta eta eskuilak, orraziak, gorputzerako kremak, desodoranteak, koloniak eta lurrinak, paper-zapi bustiak, belarrietako txotxak edo komuneko papera ohikoak dira gure komunetako apal eta tiraderetan.

Horrek ontzi asko sortzen ditu, batez ere plastikozkoak. Horregatik, garrantzitsua da ahalik eta gehien murriztea haien kontsumoa, eta, erosteko orduan, ingurumena gehien errespetatzen duten produktuak aukeratzea.

Hortzetako eskuilak dira horren adibide praktiko bat. Funtsezko elementua da gure aho-osasunerako, eta bizpahiru hilabetean behin aldatu behar dira. Plastikoz, nylonez eta kautxuz eginak izaten dira, eta horrek asko zailtzen du birziklatzea, eta Bizkaian errefusaren edukiontzira bota behar izaten dira. Aukerarik jasangarriena, berriz, material birziklagarriekin edo biodegradagarriekin egindako eskuilak erabiltzea da.

Gure bainuaren jasangarritasuna hobetzeko beste neurri bat da eco-friendly diseinuaren alde egitea eta ontzi betegarrietan banatzen diren produktuak erabiltzea; tamaina handiagoko ontziak aukeratzea, formatu txikiek baino material gutxiago behar izaten baitute; edo material bakarreko produktuak aukeratzea, horrek erraztu egiten baitu haien bereizketa eta birziklatzea.

Gure bainugeletan izan ohi diren ‘ohitura txar’ batzuk zuzentzen ere saiatu behar da, hala nola komuneko paperaren biribilkia zuzenean paperontzira botatzea. Kartoizkoak dira eta, beraz, paperaren edukiontzi urdinean erraz birzikla daitezkeela.

Nolanahi ere, produktua kontsumitu badugu eta ontzia ezin badugu berrerabili, birziklatzen saiatu behar dugu. Plastikozko ontzi arinak, ohikoenak, edukiontzi horian utzi behar dira. Oraindik aerosolak badituzte (adibidez, laka edo desodoranteak), Bizkaia dauden Garbiguneetako batean utzi behar dira, edo Lurralde osoan dauden Garbigune mugikorretan, birziklatzea errazteko. Zalantzarik izanez gero, onena Bizkaireziklaren webgunea kontsultatzea da, ontzi eta produktu mota bakoitza non eta nola birziklatu jakiteko.

Uraren kontsumoarekin arduraz jokatzea da gure eguneroko higiene-ohiturei gehitu behar diegun beste gauza bat. Hortzak garbitu edo eskuak igurtzi bitartean txorrota ixtea edo bainuen ordez dutxak hartzea bezalako ohitura sinpleek lagundu egiten dute hain preziatua den baliabide hori aurrezten eta ingurumenaren oreka mantentzen.

Halaber, komunetik ez da bota behar ez dagokion hondakinik; adibidez, paper-zapi bustiak, beren osaeragatik buxadurak sor baititzakete eta uren tratamendua asko zailtzen baitute.

Azken finean, gure etxeetako komunean ere jabetu behar dugu gure ekintzek ingurumenean duten eraginaz, eta keinu sinple batzuen bidez –ontzi jasangarriak aukeratu eta hondakinak edukiontzi egokietan uztea, esaterako– baliabide naturalak eta gure ingurunea zaintzen lagun dezakegula.

Garbikerren Berriak