Kafe-kapsulak birziklatzea

2023/12/04

Kafea gizartean gehien kontsumitzen den edarietako bat da, eta kafea kontsumitzeko moduak bilakaera izan du historian zehar. Alea lapiko batekin irakitetik edo kafe-makina italiarra erabiltzetik, gaur egun gehien erabiltzen den metodoetako batera iritsi arte, espresso-makinetara, alegia. Makina horiek erosotasuna eta azkartasuna eskaintzen duten banakako kapsulak erabiltzen dituzte. Abantaila horiei esker, gure goizeko errutinaren oinarrizko elementu bihurtu dira.

Kapsulak fabrikatzeko erabilitako materialek jasangarritasunaren 7 printzipioen baldintzak betetzen dituzte, beraz, birziklagarriak eta berrerabilgarriak dira. Material horiek plastikoa, aluminioa eta kafe hondarrak dira. Aluminioa birziklatzea oso ohikoa da industrian, metal indartsu, iraunkor, arin eta moldakorra delako. Beraz, berriro erabiltzen da kapsula gehiago edo material hori behar duten beste objektu batzuk egiteko. Plastikoa birziklatu egin daiteke, ontzi berrietan berrerabiltzeko. Azkenik, kafe hondarrak konposta egiteko erabiltzen dira, material erabat organikoaren bidez ongarria sortzeko.

Kontsumitzaileei produktu horien birziklapena errazteko, kafea egiten duten enpresek kapsula erabiliak biltzeko eta birziklatzeko sistema kolektiboa kudeatzen dute.

Sistemak merkatuan parte hartzen duten eragile guztien arteko lankidetza-eredu batekin lan egiten du, produktua osatzen duten elementuei bigarren bizitza bat emateko helburuarekin. Sistemak hiru urrats ditu:

  1. Bilketa eta garraioa. Sistemak 5.200 bilketa-gune ditu, estatuan banatuta. Aldizka bildu eta hondakin guztiak birziklatze-gune espezializatuetara eramaten dira. Bizkaian, gainera, beti eraman ditzakegu gure kapsula erabiliak Lurralde osoan zehar banatutako edozein Garbigunetara.

  2. Birziklatzea. Birziklatzeko instalazioetan, kapsulak tratatu egiten dira produkzioan erabilitako materialak bereizteko. Lehenik eta behin, kapsulak birrindu egiten dira kafe-hondarrak bereizteko. Ireki eta hustu ondoren, materialaren arabera bereizten dira (aluminioa eta plastikoa). Aluminioa taldekatu egiten da berriro galdatzeko, birziklatzeko aukera mugagabea baitu. Plastikoa produktu berriak egiteko erabiliko da.

  3. Bigarren bizitza. Sistemak elementu guztiei bigarren bizitza bat emateko aukera ematen du. Materialak ongarria, hiri-altzariak edo eguneroko objektuak sortzeko erabiltzen dira.

Produktua birziklatzeari esker, zabortegietan bukatzea ekiditen da. Zabortegi horietan hamarnaka urte behar izaten dira degradatzeko, osatzen dituzten materialak direla eta.

Aipagarria da, merkatu berean, kafe konpostagarrien kapsulak ekoizten eta garatzen duten fabrikatzaileak daudela. Ontzi horiek zuzenean edukiontzi organikora bota daitezke, konpostatze-instalaziora iristen direnean jasotzeko eta sailkatzeko fasean sar daitezen.

Garbikerren Berriak