Etorkizuneko kudeaketak eta tratamenduak

2022/11/07

Material berriak eta puntako teknikak funtsezkoak dira etxean sortzen ditugun hondakinak modu jasangarrian kudeatzeko.

Jasangarritasunaren 7 printzipioei jarraituz, egin dezakegun onena hondakinik ez sortzea da. Horretarako, ingurumena kontuan hartuta diseinatutako produktuak aukeratu behar ditugu gure erosketetan, ahal dugun guztietan berrerabiliz eta arduraz kontsumituz.

Hortik abiatuta, birziklatzea, berreskuratzea eta balorizatzea dira hurrengo urratsak. Bizkaian ditugun zortzi edukiontzi ezberdinetako batean egunero uzten ditugun hondakinak aprobetxatzeko hainbat modu daude.

Ingurumena errespetatzen duten materialetan gauzatzen ari diren aurrerapenak eta etxeko hondakinek ingurumenean eta pertsonen osasunean ondorio kaltegarririk ez sortzeko teknikak funtsezkoak dira etorkizuneko hiri-hondakinak kudeatzeko.

Arlo honetako proposamenik interesgarrienetako bat bioplastikoak dira. Material horiek petroliotik eratorritako plastikoen antzeko ezaugarriak dituzte, baina funtsezko abantaila bat dute: iturri berriztagarrietatik datozen materialez bakarrik osatuta daude, eta biodegradagarriak, konpostagarriak eta birziklagarriak dira. Nekazaritzako hondakinetatik, zelulosatik edo patata- eta arto-fekulatik abiatuta egiten dira. Gero eta gehiago erabiltzen dira, erregai fosilen kontsumoa eta karbono-aztarna murriztuz, eta, horrela, ingurumenaren eta pertsonen osasuna zaintzen lagunduz.

Bizkaian bioplastikoei ematen zaien erabileraren adibide onenetako bat poltsa konpostagarriak dira. Poltsa horiek hondakinak edukiontzi organikora, marroi kolorekora botatzeko erabiltzen ditugu, eta horri esker lorezaintzarako edo nekazaritzarako konpost bihurtzen dira.

Pirolisia, beroak oxigenorik ez duenean eragiten duen degradazio termikoa da, honela, erreakzio kimikoek hondakinak deskonposatzen dituzte errekuntzarik sortu gabe. Pirolisiaren adibide argi bat erabilitako pneumatikoen suntsipena da, hau da, kautxuaren degradazioa hain zuzen.

Gasifikazioa prozesu termokimiko bat da, non substratu karbonoso bat (ikatza, biomasa, plastikoa) gas erregai bihurtzen den, agente gasifikatzaile baten bitartez gertatzen diren erreakzio batzuen bidez (airea, oxigenoa, ur-lurruna edo hidrogenoa). Agente gasifikatzaile motaren arabera, gas-kalitate desberdinak lortuko dira.

Bi prozesu hauei esker hiru produktu lortzen dira: gasa eta hondakin likidoak, energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen direnak; eta hondakin solidoak, energia-eskaera handia duten industria-instalazioetarako erregaietarako baliatzen direnak. Hondakinen balorizazio energetikoari esker, pirolisiak eta antzeko teknikek CO2 bezalako gas kutsatzaileak ingurumenean isurtzea saihesten eta ekonomia zirkularra garatzen laguntzen dute.

Garbikerren Berriak