Garbigune sarea eta Garbigune mugikorra

2020/12/21

Leku bat gauza bakoitzerako eta gauza bakoitza bere tokian. Printzipio horri jarraitzen dio Bizkaiko Garbiguneen Sareak: herritarrei leku bat eskaintzea, berrerabili, birziklatu edo balorizatu daitezkeen etxeko hondakinak eta objektuak behar bezala bota ahal izateko.

Horretarako, eta gure Lurraldeko kaleetan dauden hondakinak gaika biltzeko zortzi edukiontzi-motak osatuz, Garbikerrek kudeatzen dituen 23 Garbiguneetako bakoitza eta Bilboko Udalak kudeatzen dituen lau Bilbogarbiak dohainik daude edozein partikularrentzat, bulegoentzat eta saltoki txikientzat, baita etxeetan obrak egiten dituztenentzat ere, ondoren sailkatuko eta tratatuko den hondakin mota bakoitza leku egokian eta modu erosoan bereizi eta uzteko.

Hondakin bat Garbigune batera eramateko orduan —teknikoki, Etxeko Hondakinen eta Hondakin Asimilagarrien Gaikako Bilketarako Zentroak—, kontuan hartu behar da haren funtzionamendua arautzen duen araudia. Arau garrantzitsuenetako bat da gure etxeetan sortutako hondakinak edo antzekoak soilik onartzen direla; izan ere, etxe batean sor daitezkeen baino hondakin gehiago sortzen dituzten enpresek baimendutako hondakin-kudeatzaileen zerbitzuak kontratatu behar dituzte. Horregatik, hondakin batzuetan bolumen eta pisu mugak ezarri dira.

Garbiguneetan, besteak beste, ohiko hondakinak utz daitezke, hala nola etxetresna txikiak eta handiak, sukaldeko tresneria, telebistak, pantailak eta gailu elektronikoak, etxeko obra txikien hondakinak eta altzariak bezalako tamaina handikoak. Halaber, Garbiguneetara eraman daitezke, baldin eta etxean sortzen badira, fluoreszenteak, pilak eta bateriak, tonerrak eta tinta-kartutxoak, telefono mugikorrak edo kafe-kapsulak.

Onartzen ez diren hondakinen artean, honako hauek daude: ehunak –berrerabiltzeko produktuen edukiontzian utz daitezkeenak–, sendagaiak –botiketako SIGRE puntuetara eraman behar direnak– edo etxeko hondakin organikoak; izan ere, horiek kalean bertan dauden Errefusaren edo Organikoa edukiontzietara eraman daitezke.

Bestalde, Garbigune guztiek ez dituzte zerbitzu berak eskaintzen; beraz, horietako edozeinetara aerosolak, pinturak eta kolak, disolbatzaileak edo produktu fitosanitarioak eraman baino lehen, edo berrerabiltzeko etxola duten jakiteko, komeni da baimendutako hondakinen zerrenda kontsultatzea. Zalantzarik izanez gero, Bizkaireziklara joan gaitezke beti, eta han edozein hondakin botatzeko toki eta modu egokienaren berri emango digute.

Garbigune Mugikorra

Hondakinak behar bezala bereizi eta birziklatzeko prozesua are hurbilagokoa izan dadin, Garbigune Mugikorrak aukera ematen die herritarrei etxean sortutako hondakin batzuk bere bizilekuetatik hurbil uzteko, bere herrian bertan, ohiko garbiguneetara joan beharrik gabe. Gaur egun, bi Garbigune Mugikor daude Bizkaiko udalerri batetik bestera, astebetez egoten dira haietako bakoitzean, ahalik eta pertsona gehienek ohiko hondakinak (sukalde-olioa, telefono mugikorrak, kableak, tonerrak eta tinta-kartutxoak, kafe-kapsulak, erradiografiak, etxetresna elektriko txikiak, pinturak eta disolbatzaileak edo sukaldeko tresneria) erosotasunez utz ditzaten.

Garbigune Mugikorren egungo kokalekua eta zein udalerritan egongo diren egutegia hemen kontsulta daitezke.

Gure etxeetan sortzen diren hondakin handiak edo arriskutsuak erraz uzteko lekua eskaintzean, Garbiguneek hondakinak kontrolik gabe botatzea saihesten dute eta behar bezala kudeatzen laguntzen dute. Hondakinak bereizten ere laguntzen dute, eta, horri esker, hondakinen zati bat berrerabil daiteke eta berrerabili ezin diren materialak birziklatu eta ekoizpen-zikloan berriz sar daitezke, baita, azken batean, materialak banandu daitezke, energia-balorizaziorako ere.

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Garbiguneen Sarea eta Garbigune Mugikorrak sortzen ditugun hondakinak kudeatu, berrerabili, birziklatu eta berreskuratzeko funtsezko pieza dira. Horrela, ingurumena eta baliabide naturalak zaintzen laguntzen dute, eta, aldi berean, lanpostuak sortzen eta ekonomia zirkularra sortzen laguntzen dute.

Garbikerren Berriak