Farmazietako Sigre puntuetan medikamentuak birziklatzea

2022/01/12

Gure osasunerako eta ongizaterako funtsezkoak diren sendagaiek ingurumena ez kaltetzeko tratamendu berezia behar dute

Gure bizitzan zehar, pertsona guztiok sendagairen bat erabili behar dugu. Gure osasuna zaintzen, gaixotasunetatik sendatzen edo haien sintomak gainditzen laguntzen digute, baita bizitzak salbatzen ere. Azken batean, gure bizi-kalitatea eta gure ingurukoena hobetzen dute. Behar bezala erabiltzen badira, medikuaren aginduz eta kontserbatzeko, erabiltzeko eta kontsumitzeko jarraibideei jarraituz, ezinbestekoak dira gure ongizaterako.

Baina, aldi berean, behar bezala kudeatzen ez badira eta modu desegokian baztertzen badira, sendagaiak arazo larriak izan daitezke ingurumenerako eta bizitza naturalaren osasunerako, baita gizakiarentzat ere. Sendagaiak substantzia kimikoz osatuta daude, eta, gaixotasun bat gainditzeko lagungarriak izan badaitezke ere, oso kutsagarriak izan daitezke ingurumenean askatzen badira, flora eta fauna kaltetzen edo akuiferoak kutsatzen badituzte, eta horrek ondorio larriak ditu ingurune naturalean. Berariaz horretarako prestatuta ez dauden instalazioetan tratatzea ere arriskutsua izan daiteke.

Hori dela eta, erabiliko ez ditugun botikak eta horien ontziak ez ditugu Bizkaiko kaleetan ditugun zortzi edukiontzietako batean ere utzi behar, baizik eta Lurralde osoko farmazietan dauden Sigre puntuetara eraman behar ditugu. Botika horiek jasotzeko eta ondoren tratatzeko berariazko edukiontzi zurietan utzi behar dira gure etxeetako botikinetatik iraungitako botikak, kontserbazio-egoera txarrean daudenak edo erabiliko ez ditugunak. Era berean, botiken kaxak eta horien ontzi hutsak ere edukiontzi horietan bota behar dira, osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen hondakinak izan baititzakete eta berariaz tratatu behar baitira.

Kontuan hartu behar da zenbait produktu mediko eta farmazeutiko, hala nola gaza eta aposituak, orratzak eta objektu ebakitzaileak, termometroak merkuriozkoak edo digitalak edo behar ez ditugun erradiografiak, ez direla Sigre puntura eraman behar. Bizkaiarezikla web orrian hondakin horietako bakoitza non utzi behar den kontsulta dezakegu, behar bezala kudeatzeko.

Ekonomia Zirkularraren printzipioei jarraiki, Bizkaiko farmazien Sigre puntuetan utzitako sendagaiak eta ontziak sendagai berrien entregak aprobetxatuz jasotzen dira, eta irabazi asmorik gabeko Sigre erakundearen instalazioetan gordetzen dira, eta hura arduratzen da sendagaiak jaso eta tratatzeaz. Ondoren, bildutako sendagaiak Ontziak eta Botiken Hondakinak Sailkatzeko Instalaziora eramaten dira; han, ontziak bereizten dira eta sendagaiak modu automatizatuan sailkatzen dira. Prozesu horri esker, botiken ontzien osagaiak birzikla daitezke, hala nola kartoia eta papera, beira, elementu metalikoak edo plastikoak. Europako araudiaren arabera, sendagai-hondar arriskutsuenak modu seguruan deuseztatzen dira; gainerakoak, berriz, osasun-arriskurik gabe ezabatu egiten dira gordeta duten energia erregai gisa erabiliz elektrizitatea modu jasangarrian sortzeko.

Gure etxeetako botikina eguneratuta edukitzeak onurak dakarzkio gure osasunari; izan ere, automedikazioa edo egoera txarrean edo iraungita dauden eta kalte egin diezaieketen sendagaiak kontsumitzea saihesten da, eta sendagaien erabilera osasun-profesionalek agindutako tratamenduetara mugatzen da. Era berean, ingurumenari ere onura dakarkio hondakin-mota hori behar bezala kudeatzeak; izan ere, saihestu egiten da ingurune naturalera iristea eta bizitza naturalari eragitea, botiken ontzietan eta kutxetan erabilitako materialak birziklatzea bultzatzen da, energia jasangarria sortzen da botiken osagaietan metatutako energia balorizatzeari esker, eta atmosferara gas kutsatzaileak isurtzea saihesten da.

Garbikerren Berriak