TMB, ezezagun handia

2023/01/30

Bizkaiko Tratamendu Mekaniko Biologikoko Planta Arraiz mendian dago, Bilbon, eta lurraldeko hondakin guztiak deuseztatu aurretik tratatzeko aukera ematen du

2013ko otsailaren 18an inauguratu zenetik, azpiegitura horrek ingurumen-helburuak betetzeko aukera ematen dio Bizkaiari eta gaikako bilketaren eta hondakinen birziklapenaren indizeetara egokitzea, hondakinen kudeaketaren arloan nazioarteko leku nabarmen batean kokatuz. 

23.115 metro karratuko azalera hartzen duen TMBko planta hau ekoparke baten parte da, konpostaje-plantaren eta Artigasko biltegiaren azpiegiturekin batera, eta baita Zabalgarbirekin ere. Urtero 180.000 tona hiri-hondakin nahasi tratatzeko diseinatuta dago, eta horiek guztiak deuseztatu aurretik tratatzea du helburu, hondakinen tratamenduaren hierarkiaren arabera: prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea.

Baina zer lortzen da hondakin horiek guztiak kudeatzean? Esan daiteke helburu nagusia ahalik eta hondakin birziklagarri gehien bereiztea dela eta, aldi berean, gure atmosferan eragina duten berotegi-efektuko gasen ingurumen-inpaktua desagerraraztea, edo lurrazpirako kaltegarriak diren lixibiatuak ezabatzea.

Prozesu guztiak gauzatzeko, Tratamendu Mekaniko Biologikoko Plantak hiru prozesu nagusi ditu:

- Tratamendu mekanikoa. Hondakin guztiak sailkapenaren arabera bereizten diren etapa da.

- Frakzio organikoa egonkortzea. Hezetasun txikiko materialak ateratzen dira, %22tik beherakoak, beratze-tunelen bidez. Tunel horietan lehortzen dira, lehen aipatutako lixibiatuak prebenitzeko.

- Aire-tratamendua. Plantatik kanpo usainak isurtzea eragozten du.

Beraz, azpimarratu eta errepikatu behar da helburua hondakin gehienak birziklatzera eta balorizatzera bideratzea dela, zabortegian uztea saihestuz, betiere honako ingurumen-neurri hauek kontuan hartuta: plantako uraren zikloa, nabeetako barneko aire-zirkuitua, eta usainen eta hautsen emisioak prebenitzeko sistemak eta ekipoak.

Garbikerren Berriak