Berrerabiltzeko produktuen edukiontzi zuria

2023/11/03

Gure etxeetan edo lantokietan erabiltzen diren produktu asko baztertu egiten dira, erabiltzen ez direlako (jostailuak edo liburuak), janzkerak aldatzen direlako (eskolako edo laneko uniformeak, eguneroko arropa, poltsak, zapatak), etxetresna elektriko txikiak (plantxak edo irabiagailuak) eta IKTak berritzen direlako (telefono mugikorrak, tabletak) eta abar. Hala ere, ekonomia zirkularrak gizartean duen joera-aldaketak aldaketa handiak ekarri ditu produktu horiek zokoratzeko orduan.

Artikulu horiek baztertu egiten ziren, oraindik bizitza baliagarri luzea zutenean. Hala ere, jasangarritasunaren 7Ren printzipioak kontuan hartuta, produktuak berrerabiltzea lortu nahi da, beste pertsona batzuen esku jatorrizko funtzioa bete ahal izateko. Horrela, edukiontzi horretan uzten ditugun objektuen balio-bizitza luzatzea lortuko da, materia berriak ateratzeko beharra murriztuz. Ondorioz, planetako baliabide naturalak gehiago zaintzea lortzen da, produktu berrien fabrikazioak sortzen duen kutsadura saihestuz.

Horregatik, Kooperarekin lankidetzan, berrerabiltzeko edukiontzi zuriak jarri ziren Bizkaian. Zerbitzu honen helburua da hondakin gutxiago sortzea eta bigarren bizitza erabilgarria izan dezaketen edukiontzian utzitako produktuak berriz erabiltzea sustatzea.

Hau da gauzatzen den prozesua:

  1. Kooperak egiten du udalerrietako bilketa, eta Mungian duen Kooperako Berrerabiltzeko tratamendu-plantara eramaten ditu.
  2. Lehenik eta behin, egoera onean dauden eta berrerabil daitezkeen produktuak eta beren egoera dela-eta birziklatu behar direnak bereiztea ahalbidetzen duen materiala sailkatzen da.
  3. Produktu berrerabilgarriak produktu-tipologiaren arabera sailkatzen dira, higienizatu egiten dira eta Koopera Store denda-sarean jartzen dira salgai. Gainera, dohaintzak egiten dira gehien behar dutenentzat.
  4. Produktu birziklagarriak industriako lehengai gisa sailkatzen dira ondoren balorizatzeko, eta gainerako errefusa beste instalazio batzuetara bideratzen da azken kudeaketarako.

Kooperak zerbitzu horretan emandako laguntzari esker, enplegua sortzen da tokiko pertsonentzat, bilketa- eta sailkapen-zerbitzuan eta dendetan bertan, eta lana ematen zaie askotan gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonei. Gainera, ekimen honek sortzen dituen onurak erakundeak berak garatzen duen gizarte-lanarekin jarraitzera bideratzen dira.

Garbikerren Berriak