Bizkaiko Zabor Berziklategiak (BZB) instalazio berria inauguratu du

2026/03/03

Bizkaiko Foru Aldundiak, Garbikerren bidez, beste aurrerapauso bat eman du jasangarritasunarekin eta ekonomia zirkularrarekin duen konpromisoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Trienekens enpresak kudeatutako Bizkaiko Zabor Berziklategiaren (BZB) instalazio berritua inauguratuta.

BZB instalazioak azken belaunaldiko teknologia sartu du, sailkapen- eta tratamendu-prozesuak optimizatzeko, material gehiago berreskuratu eta zabortegira bideratutako errefusa ahalik eta gehien murrizteko. Sistema automatizatuei eta soluzio berritzaileei esker, instalazioak efizientzia operatiboa hobetzen du, eta modu erabakigarrian laguntzen du birziklatzearen eta emisioak murriztearen arloko Europako helburuak betetzen. Tratamendu-ahalmena urteko oraingo 23.000 tonatik 40.000 tonara igotzen da. Mugarri hori dela-eta, BZB teknologia aurreratu horiek erabiltzen dituen lehen planta da Estatuan. Gainera, prozesuan, 10 ontzi-frakzio ere bereizten ditu —eta lehen 7 material-mota bereizten zituen—, materialen bereizketa eta aprobetxamendua hobetuz.

Ba al dakizu zein den prozesua?
-    Herritarrek edukiontzi horian uzten dituzte ontzi arinak, eta, horrela, gaikako bilketan laguntzen dute.

-    Udalerrietako bilketako kamioiek karga pisatzen dute instalazioan sartzean, jasotako hondakin-kopurua kontrolatzeko.

-    Pisatu ondoren, hondakinak biltegiratze-nabean deskargatzen dituzte, eta pala batek uhal garraiatzaile batera eramaten ditu, hautaketa-prozesuari ekiteko.

-    Poltsak irekitzen dira eta tromel batek hondakinik txikienak bereizten ditu.

-    Bereizgailu balistiko batek hondakinak sailkatzen ditu tamainaren, formaren eta dentsitatearen arabera. Xurgagailu batek, berriz, materialik arinenak ateratzen ditu, hala nola film plastikoa.

-    Iman batek metal ferrikoak (burdina) kentzen ditu, eta Foucaulten bereizle batek metal ez-ferrikoak ateratzen ditu, hala nola aluminioa.

-    Makina optikoek (autosorter) ontzi-motak identifikatzen eta bereizten dituzte: PET, PEAD, tetrabrick, etab.

-    Instalazioko langileek azken sailkapena egiten dute prozesuaren kalitatea bermatzeko.

Garbikerren Berriak