BZB

Bizkaiko Zabor Berziklategia (BZB) Garbikerrena eta Trienekens enpresa alemaniarrarena da, eta, 1999tik, Bizkaian gaika bildutako ontzi arinak bereizi eta sailkatzeaz arduratzen da.

BZB enpresak Zornotzan daukan ontzien hautaketa-plantan, 17.000 tona hondakin tratatzen dira urtero; edukiontzi horien bidez gaika biltzen diren hondakinak dira, eta, estatuko antzeko plantekin konparatuta, berreskuratze-tasa handiena plana horrixe dagokio.

Ontzi arinei dagokien edukiontzi horiaren bidez biltzen diren hondakinak hartuz hasten da prozesua. Hautaketa-plantara iristean, kamioiak pisatzen dira, plantan sartzen diren hondakinen kopurua kontrolatzeko. Pisatu ondoren, beren karga uzten dute kamioiek biltegiari dagokion nabean, eta, han, uhal garraiatzaile batera eramaten dira pala baten bidez; materialak hautatzeko eta sailkatzeko modua ematen duten jarduketak egingo dira ondoren: poltsak zabaltzea eta trommel batera eramatea, hondakin finenak gainerakoetatik bereizteko; tamainaren, formaren eta dentsitatearen arabera sailkatzea, bereizgailu balistiko baten bidez; hondakin arinak (film plastikoa) xurgagailu baten bidez; metal ferrikoak ateratzea bereizgailu magnetiko baten bidez, eta aluminio metalak ateratzea Foucault bereizgailu baten bidez; plastikozko ontzi moten bereizketa automatikoa (PET, PEAD, tetrabrik, etab.); eta, azkenik, eskuz sailkatzea, plantako beharginen bidez.

Garatutako prozesu horretan, zazpi material mota sailkatzen eta bereizten dira: PET, PEAD, PEBD, tetrabrikak, metal ferrikoak, aluminioa eta plastiko-mixa.