Eduki publikatzailea

Bizkaiko 1.100 eskola-umek baino gehiagok parte hartu dute “A ze marroia / El gran marrón” kanpainan

2026/06/08

“A ze marroia / El gran marrón” kanpainaren karabana Lurraldeko ikastetxeetan ibili da urteko lehen sei hilabeteetan, eta jarduerak Lehen Hezkuntzako 5. mailako 1.162 ikaslerengana hurbildu ditu, 51 gelatan banatuta. Metodologia parte-hartzaile eta dinamiko baten bidez, ikasleek hondakin organikoen kudeaketa egokiari buruzko ezagutza zabaldu ahal izan dute; zein bota daitezkeen edukiontzi marroira eta zein ez; eta bereizteak duen garrantzia eredu iraunkorrago baterantz aurrera egiteko.

Gainera, bisitetan zehar, ikasleek hondakinen murrizketari, baliabideen aprobetxamenduari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari buruzko galdera-lehiaketa dibertigarri batean parte hartu dute. Era berean, errealitate birtualeko jolas baten bidez murgiltze-esperientzia bat bizi ahal izan dute, landutako edukiak modu didaktikoan indartzeko diseinatua.

Bi dinamiketan puntuazio konbinatu handiena duten ikasgelak azken jardunaldi batean lehiatu dira, ekainaren 8an, WASTE LAB BIZKAIAn; bi finalerdi eta final handia jokatu dira bertan. Loiuko Andrés de Urdaneta ikastetxeko 5C ikasgelak lehen postua eskuratu du, eta 3.000 euroko txekea jaso du. 5A taldeko ikasleek, Andrés de Urdaneta Ikastetxekoak hauek ere, 2.000 euroko saria lortu dute, bigarren postua lortu duen taldearentzat. Bi sariak talde osoarentzako jarduera ludiko bat egiteko edo gelan hondakinak bereiztearekin eta birziklatzearekin lotutako hobekuntzak martxan jartzeko dira.

Parte hartzen duen klase bakoitzaren puntuazioen rankinga “A ze marroia / El gran marrón” ekimenaren webgunean kontsulta daiteke. Ekimen horren helburua da herritarrei, eta bereziki belaunaldi berriei, materia organikoa behar bezala bereiztearen garrantzia hurbiltzea, eta Bizkaian hondakinen kudeaketa jasangarriagoa lortzen lagunduko duten ohiturak sustatzea.

Berri guztiak


Argazkiak


Bideoak