Aluminioaren birziklapena

2022/04/12

Ia amaigabeko birziklatze-potentzialarekin, aluminioa gure etxeko hondakinen artean material baliotsuenetako bat da

Aeronautikako osagaiak, bizikleta-koadroak, automobilen motorrak, kable elektrikoak, eraikuntzako materialak, medikuntza- eta farmazia-produktuen bilgarriak, sukaldeko mahai-tresnak, etxetresna elektrikoen piezak, elikagai-ontziak edo sukaldeko papera. Aluminioa metal benetan moldakorra da, ehunka aplikazio praktikotarako ezin hobea.

Arina baina erresistentea da, korrosioarekiko erresistentzia handia ematen dion geruza sortzen du, elektrizitatearen eroale bikaina da eta beroaren eta argiaren islatzaile ona. Gainera, guztiz iragazgaitza eta usaingabea da, eta bere harikortasunari eta fusio-puntu baxuari esker, ia edozein forma har dezake.

Aluminioa Lurreko elementu kimiko ugarienetako bat da, baina erauztea zaila da, ez baitago egoera puruan, baizik eta beste material batzuekin nahasita, batez ere buztinekin. Beraz, hainbeste erabiltzen dugun produktua lortzeko energia-kontsumo handia behar duten prozesu industrialak behar ditu.

Aluminioaren ezaugarrietako bat da ia amaigabe berrerabil daitekeela; horregatik, gure etxeetan erabili ohi ditugun produktu askotan erabiltzen den metal horren birziklapenak planetako baliabide naturalen ustiapena murrizten du, eta, aldi berean, bere ekoizpenaren energia-kontsumoa murriztu egiten du.

Aluminioa birziklatzen hasteko, balio anitzeko material honek dituen elementuak biltzen dira. Bizkaian aluminioa birziklatu dezakegu etxeko hondakinak leku egokian utziz. Batzuk, hala nola aluminioz egindako kazolak, erretiluak, eltzeak edo bestelako tresnak berrerabiltzeko edukiontzietara eraman daitezke, Garbiguneen sarean edo Garbigune mugikorretan. Aluminioa izan dezaketen eraikuntza-materialak, leihoak, ate metalikoak edo dutxa-itxiturak, esaterako, Garbiguneetara eraman daitezke edo udal bilketa-zerbitzuak erabil daitezke horiek jasotzeko.

Gure eguneroko bizitzan ohikoenak diren beste produktu batzuk, hala nola higiene pertsonaleko produktuen poteak, freskagarrien latak, aluminiozko papera, esnekien estalkiak edo elikagaien ontziak (arraina, aurrez prestatutako platerak, olibak eta antzekoak), ontzi arinen edukiontzian utzi behar dira, horia – Bizkaiko kaleetan ditugun 8 edukiontzi motetako bat –. Zornotzako BZB sailkapen-plantaraino garraiatu ondoren, aluminioa gainerako materialetatik bereizten da, hau da, ontzien eta bilgarrien plastikoetatik edo beste metal edo tetrabrick batzuetatik, eta birziklatze-enpresetara eramaten da, han garbitu eta birziklatzeko prestatzeko.

Propietateak galtzen ez dituenez, bildutako aluminioa birziklatzeko prozesua nahiko erraza da. Hondakinak berotzean datza, galdaketari esker produkzio-ziklora itzultzeko prest dauden aluminiozko xafla berriak lortzeko. Horrela, prozesuak ekonomia zirkularraren alde egiten du eta energia aurrezten laguntzen du, modu naturalean lortutako aluminioa eta beste material batzuk bereizteko beharrezko erauzketa eta tratamendua saihesten baitira.

Garbikerren Berriak