Eduki publikatzailea

Martxan da Campus Waste Lab Bizkaia ekimenaren lehen edizioa, “ Hondakinen araudiaren aplikazioa toki-erakundeetan” izenburupean.

2026/10/16

Campus Waste Lab Bizkaia 2026 ekimenaren lehen edizioa abian da, toki-erakundeetako langile teknikoen gaitasunak indartzeko helburuarekin, hondakinen kudeaketaren arloan. Programak ezagutzak eta tresna praktikoak eskaintzen ditu, toki-eremuan indarrean dagoen araudia aplikatzea errazteko eta kudeaketa-eredu jasangarriago eta zirkularragoetara aurrera egiteko. Ekimen honen bidez, Campusak Bizkaian jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren arloko prestakuntza-erreferente bihurtzea du xede.

Ekimen hau Garbikerrek sustatzen du, eta FSE+ek kofinantzatzen du, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Biodibertsitate Fundazioaren Empleaverde+ Programaren bitartez.

Bizkaiko udal eta mankomunitateetako 46 profesional aktibok hartuko dute parte Campus Waste Lab Bizkaia 2026 ekimenaren lehen edizio honetan. Hasierako saioan Ignasi Puig Ventosak parte hartuko du. Ingurumen Zientzietan doktorea da, eta ekonomia ekologikoan, ingurumen-fiskalitatean eta hondakinen kudeaketan aditua. ENTeko proiektuen koordinatzailea eta Fundación ENTko presidenteordea ere bada. Prestakuntza ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaren arloan ibilbide luzea eta ospe handia duten adituek emango dute.

Izaera teoriko-praktikoa izango duen programak hainbat eduki landuko ditu, elkarren osagarri direnak. Besteak beste, indarrean dagoen arau-esparrua, diagnostikoa eta plangintza egiteko tresnak eta mekanismoak, eta hondakinen arloko ordenantza tekniko eta fiskalen prestaketa jorratuko dira.

Horrez gain, prestakuntza hondakinak kudeatzeko instalazio batera egindako bisitarekin eta sektoreko hornitzaile espezializatuek eskainitako erakustaldi komertzial batekin osatuko da. Horrela, parte-hartzaileek udal-kudeaketan aplikatzeko moduko irtenbideak eta tresnak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute

Toki-erakundeei zuzendutako lehen edizio honekin, Campus Waste Lab Bizkaiak prestakuntza espezializatuarekiko, berrikuntzarekiko eta garapen jasangarriarekiko konpromisoa indartzen du. Aldi berean, Bizkaiko udalen eta mankomunitateen beharrei erantzuten die, hondakinen kudeaketa eraginkorrago baterantz aurrera egiteko beharrezkoak diren tresnak eta ezagutzak eskainiz.

Berri guztiak


Argazkiak