Pilen eta baterien birziklatzea

2020/07/08

Gaur egun nekez imajinatu dezakegu pila edo bateria gabeko mundo bat. Elektronikak eta telekomunikazioek gure bizitza bete dute sarera konektatu barik gure gailu elektroniko guztien behar energetikoak asetzen dituzten energia iturri eramangarri txiki hauetaz. 

Eta pilekin eta bateriekin dabiltza ez bakarrik gure mugikorrak, entzungailuak, erlojuak, urrutiko kontrolak, kamerak, jostailuak eta ordenagailu eramangarriak; larrialdietarako argiek, ezinbesteko komunikazio sistemek, audiofonoek, baita desfibriladoreek eta taupada-markagailuek ere, pilen eta baterien beharra dute.

Ezin da ukatu pilak eta bateriak erabilgarriak bezain behar-beharrezkoak direla, baina ingurumenerako arazo larria ere izan daitezke.

Zergatik da hain garrantzitsua pilak eta bateriak birziklatzea?

Gailu txiki hauek bere barnean daramatzaten elementuek elkarri eragitean sortzen diren erreakzio elektrokimikoei esker sortzen dute elektrizitatea. Erreakzioa behin baino gertatzen ez bada, pilak dira; erreakzioa, ordea, hainbat alditan gertatzen bada, eta berriz kargatu eta erabili ahal ditugun horiek bateriak -edo metagailuak- dira.

Erreakzio hauek pilaren edo bateriaren babeserako karkasaren barnean gertatzen badira, bere erabilera guztiz segurua da. Baina erabilera ez egoki batek edo karkasa horren narriadurak bere edukia askatu dezakete, eta pilen eta baterien zenbait osagai kadmio, nikel, beruna edo merkurio bezalako metal astunak dira, ingurumenerako oso kutsagarriak eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeenak. 

Ura bereziki sentikorra da pilek eta bateriek sortutako kutsadurari, hauek egokiro birziklatu eta tratatu ez badira. Babeserako karkasa narriatzean, birziklatu ez diren pilen eta baterien barneko metal astunak akuiferoetara iragazi daitezke eta handik hasita, gure ibaiak eta itsasoak kutsatu, bertan bizi den eta bere beharra duen bizitza osoaren osasuna arriskuan jarriz, gurea barne.

Adibidez, pila alkalino arrunt batek, urrutiko kontroletan edo esku-argietan erabiltzen ditugun horietakoak, 167.000 litro ur kutsatu ditzake; erlojuek eramaten ohi dituzten merkuriozko pila soil batek, egokiro birziklatzen ez bada, 600.000 litro ur arte kutsatu ditzake.

2.276 bilketa-puntu

Bizkaian birziklatu behar diren pilen eta baterien bilketarako 2.276 puntu ditugu, kaleetan, saltokietan, Garbigune mugikorretan eta Bizkaiko Garbiguneen Sarean. Bertan etxeko erabilera duten edozein motako pilak eta bateriak bota daitezke: Berunezko pilak, Ni/Cd pilak, Ni-Mh pilak, litiozko pilak, ioi litiozko pilak, gatzezko pilak, pila alkalinoak eta botoi-pilak. Ibilgailuen bateriak, bestalde, Garbiguneetan baino ez dira bota behar.

Bildu eta gero, pilak eta bateriak bere osaketaren arabera sailkatu eta tratatu egiten dira, ekoizpen zikloan berriz sartuko diren bere material eta osagaien % 75 inguru berreskuratzeko asmoz. Adibidez, pila alkalino batetik, bere babeserako karkasaren altzairua eta letoia berreskuratzen dira, berriz altzairua egiteko erabiliko direnak; plastikoa balorizazio energetikora bereizi egiten da; eta berreskuratutako zink, manganeso oxidoa, beruna eta eztainua hainbat objektu mota ezberdin ekoizteko erabiliko dira.

Pilak eta bateriak egokiro birziklatu ditzagun gure lurzoruen, ibaien eta itsasoen kutsadura ekiditeko eta ingurumen osasuntsu bat gordetzeko.

Garbikerren Berriak