Eduki etxea garbi… modu jasangarrian!

2025/11/26

Azken urteotan, ingurumenarekiko kezkak eraginda, gero eta irtenbide ekologiko gehiago bilatu dira esparru guztietan, eta etxearen garbiketa ez da salbuespena. Etxea garbi edukitzea ez da soilik garbitasunari eta ongizateari dagokion kontu bat, ingurumena zaintzeko aukera bat ere bada. Etxean ditugun ohitura guztiek dute eragina ingurumenean: zer produktu erabiltzen ditugun eta nola kudeatzen ditugun hondakinak, besteak beste. Garbiketa ohitura jasangarriak dira ingurune osasungarri eta arduratsuagoari laguntzeko modurik errazena.

Erabili ohi diren produktu askok bai osasunarentzat bai ingurunearentzat kaltegarriak izan litezkeen gai kimikoak dituzte, eta horien ekoizpenak eta ontziratzeak alferrikako hondakinak sortzen ditu. Zorionez, hainbat irtenbide praktiko eta eskuragarri daude, egoera hori aldatzeko. Hona hemen garbiketa jasangarria egiteko hainbat modu:

· Hautatu produktu ekologikoak edo etxekoak: ozpina, bikarbonatoa eta limoia kutsatu gabe desinfektatzen eta garbitzen duten baliabide naturalak dira.

· Saihestu erabilera bakarreko plastikoak: behin erabiltzeko baieta eta espartzuen ordez, hautatu berrerabili daitezkeen edo konpostagarriak diren aukerak.

· Erabili ura erantzukizunez: ez utzi iturria irekita eta erabili egostean gelditu den ura edo euri ura garbitzeko.

· Egurastu eta murriztu aerosolak: eduki etxeko airea garbi, eta, horretarako, ireki leihoak eta saihestu aire-lurrintzaile kimikoak.

· Birziklatu behar bezala: sailkatu garbitzeko produktuen ontziak eta eraman dagokien edukiontzira.

Garbiketa jasangarriaren bitartez, etxea garbi-garbi edukitzeaz gainera, osasuna eta ingurunea babesten ditugu. Garbiketa lanetan erabilitako produktuen ontziak bota edukiontzi horira. Egunerokoan aldaketa txikiak eginez gero, hondakinak murriztu ditzakegu, baliabideetan aurreztu dezakegu eta planetaren ongizateari lagun diezaiokegu.

Garbikerren Berriak