Eduki publikatzailea

Lehenengo Waste Lab Bizkaia Campusak hondakinen kudeaketa eta prebentzioari buruzko prestakuntza eman die enpresa eta profesionalei

2025/07/17

Arrakastaz burutu da 2025eko Waste Lab Bizkaia Campusaren lehen edizioa, ‘Enpresan hondakinak kudeatzea eta prebenitzea’ ardatz izan duen prestakuntza-programa, aurtengo martxotik ekainera bitartean garatu dena. Garbikerrek sustatutako ekimen hori Europako Gizarte Funtsa Plusek (EGIF+) kofinantzatu du, Trantsizio Ekologikoaren Eta Erronka Demografikoaren Ministerioko Biodiversidad Fundazioaren Empleaverde+ programaren bitartez.

Guztira, jardunean dauden 30 profesionalek –euskal enpresa txiki eta ertainetakoek, edo autonomoek– jaso dute trebakuntza, ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaren alorrean esperientzia handia eta ospea duten adituen eskutik. Programan zehar, ikasleei laguntza pertsonalizatua eman zaie, beren enpresen benetako beharretara egokitutako Hondakinen Kudeaketa Plan bat egiteko.

Ikastaroaren amaierako ekitaldian, ikasleek egiaztagiri bat jaso dute Garbikerreko lantaldearen eskutik. Agiri horrek egiaztatzen du programan zehar jasotako prestakuntza eta egindako lana, enpresa bakoitzari egokitutako Hondakinen Kudeaketa Plana egitean zentratua.

Egiaztagiriak emateko unea partekatze-unea ere izan da. Hala, parte-hartzaileek eta prestatzaileek ikaskuntza, esperientzia eta proposamenen berri eman diote elkarri, enpresa-kudeaketa jasangarriago baterantz aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Waste Lab Bizkaia Campusaren bigarren edizioa, ‘Zure enpresan hondakinak kudeatzea eta prebenitzea’ ardatz izango duena, 2026aren hasieran abiatuko da.

Edizio horretan hizlari ospetsuak izango dira berriz ere, eta, bertan, eduki berrituak eta gaurkotasunezko gaiak azalduko dira, beren erakundeen jasangarritasunari bultzada eman nahi dioten ingurumen-sektoreko profesionalentzat bereziki pentsatuak.

Berri guztiak


Argazkiak