Kontzientziazioa geletan hondakinei aurre egiteko

2020/01/10

Hondakinik ez sortzearen garrantziaz kontzientziatzeko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak tailer didaktikoak emango ditu ikastetxeetan urtarrilaren 13tik maiatzaren 31ra bitartean. Tailer horiek foru erakundeak abian jarritako '3,2,1… 0 hondakin' kanpainaren parte dira, eta 6 eta 11 urte bitarteko ikasleei zuzenduta daude; izan ere, txikitatik iraunkortasuna bezalako kontzeptuak lantzea funtsezkoa da ohitura onak garatzeko.

Tailerrek sei ordu inguruko iraupena izango dute (egun bakoitzeko bat, lehen egunean izan ezik, bi orduko iraupena izango duela), eta gehienez 25 ikaslek osatutako taldeetan egingo dira, hurbileko tratu pertsonala bermatuz. Horietan zehar hainbat jarduera eta dinamika egingo dira, eguneroko objektuekiko harremana eta kontsumo-ohiturak beste modu batera ulertzen laguntzeko.

Jarduera gehienak lauzpabost partaideko taldeetan egingo badira ere, klase guztiarentzako dinamika komunak eta hausnarketa pertsonalerako guneak ere izango dira. Hala, esparru bakoitzerako erronka ezberdinak planteatuko dira. Erronka komun gisa, ikasgelako hondakinetatik abiatuta objektu bat sortzea planteatuko zaie. Taldeko erronka gisa, objektuak sortu beharko dituzte, ematen zaizkien ideietatik abiatuta eta bakoitzak bere ekarpena eginda. Azkenik, erronka pertsonal gisa, hondakinak murrizteko banaka egin dezaketenari buruzko hausnarketa egingo dute.

Beraz, tailer didaktikoen garapena hiru fasetan banatzen da:

1. Hasteko, hondakinak ez sortzearen eta kontsumo jasangarria egitearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa landuko da.

2. Jarraian, hondakinen sorrera murrizteko jarraibideak emango dira, bai gelan, bai etxean.

3. Amaitzeko, tailerrak egingo dira, hondakinak elkarlanean eta modu solidarioan berrerabiliz garatuko diren jarduerekin.

Garbikerren Berriak