Klima-aldaketari aurre egiteko 3 ekintza

2020/03/31

Klima-aldaketaren aurkako ekintzak premiazkoak dira. Itzulerarik gabeko puntura ez iristeko, guztiz beharrezkoa da gogoeta egitea eta horren arabera jardutea. Gizakien esku-hartzeek, baliabide naturalen kontsumo neurrigabearen eta gas kutsagarrien eta hondakinen emisioen bidez, kalte handiak eragin dituzte, klima-aldaketa bizkortuz. Horregatik, prozesu hori gelditzea gure esku dago.

Klima-aldaketaren aurka zer egin dezakezun jakin nahi duzu? Hiru ekintza aurkeztuko dizkizugu.

1. Energia aurreztu. Berriztagarriak ez diren iturri energetikoak energia kutsagarriak dira. Gainera, zenbat eta energia gastu handiagoa, orduan eta baliabide premia handiagoa. Horregatik, etxean ekintza txikiak egitea, hala nola termostatoen tenperatura erregulatzea –20 gradutan edukitzearekin nahikoa da–, leihoak itxita edukitzea berogailua martxan dagoen bitartean, erabiltzen ari ez diren tresna elektrikoak eta argiak itzaltzea, garbigailuak beteta eta ‘eko’ funtzioan jartzea, dutxatzeko denbora murriztea eta, jakina, eguneroko higienerako, bainua hartu beharrean dutxatzea. 

Gogoratu, gainera, ohitura horiek eta beste asko BerrAktibatu+ programan parte hartuz ikasi ditzakezula. Programaren helburua herritarren parte-hartzea sustatzea da, ingurumena errespetatzen duten kontsumo-ohitura jasangarrien alde.

2. Garraio publikoan bidaiatu. Jakina denez, autoek nitrogeno oxido (NOx) eta karbono dioxido (CO2) kantitate handiak isurtzen dituzte, berotegi efektua eragiten duten gas nagusiak. Horregatik, ahal den guztietan, ibilgailu pribatua garraio publikoarekin ordezkatzen saiatzea aukera ona da klima-aldaketaren aurka. Hiriek, ibilgailu-pilaketa handienak dituzten tokiek, autobus, tren, metro edota tranbia lineen konexio onak izaten dituzte. Hala eta guztiz ere, lanera, ikastera edo aisian garraio publikoan joateko aukerarik ez izanez gero, baliabideak optimizatzeko helburuarekin, autoen eserlekuak beterik eramaten saiatu behar da. Bestalde, gogoratu bizikletaz edo patinetez mugitzea jasangarria eta ez kutsagarria dela, % 100 osasungarri izateaz gain.

3. Kontsumoa murriztu eta baliabideak berrerabili. Prebentzioa da hondakinek ingurumenean eta ekonomian duten eragina gutxitzeko eta eskura dauden baliabideen erabilera eraginkorra hobetzeko biderik onena. Horregatik, kontsumo murrizpenak eta baliabide berrerabilpenak lehentasuna izan behar dute birziklapenaren aurrean; izan ere, birziklatzeko prozesuak, era murriztuan, baina baliabideak ere kontsumitzen ditu. Ez dugu ahaztu behar gure planetak dituen baliabideak mugatuak direla. Hauen ustiapenak klima-aldaketa azkartu baino ez du egingo.

'3,2,1, 0 hondakin' mugimenduari jarraituz, erosketa bat egiteko orduan, jarraibide ona da une batez gelditu eta gogoeta egitea: ea benetan beharrezkoa dugun erosi nahi dugun hori, artikulua plastikozko edo kartoizko bilgarriarekin eraman behar dugun edo artikulu bera soltean aukeratu dezakegun. Bestalde, berrerabilerari buruzko hausnarketa ere egin beharra dugu. Hala, arropa edo jostailuak har ditzakegu erreferentziatzat. Gehiago erabiliko ez ditugunean, beste pertsona batzuek bigarren erabilera bat eman diezaieketela pentsatu behar dugu. Horretarako, berrerabiltzeko edukiontzian bota behar dira.

Garbikerren Berriak