Kafesnea, azukrea eta kontzientziarekin

2019/10/03

Ba al zenekin kafea dela munduan gehien hartzen den edaria, uraren atzetik? Azken urteotan kafea kontsumitzeko modua ere asko aldatu da, eta dagoeneko gertukoa zaigu kapsuletan kontsumitzen dena. Etxean, lanean, hezkuntza-zentroetan, hainbat kafetegitan, nonahi topa ditzakegu, izan ere, azken hamarkadan %26 igo da modu honetan kontsumitzen den kafea. Joera hau aintzat hartuta, adituen ustez epe laburrean ehotuta baino gehiago salduko da kapsuletan datorren kafea.

Egoera honen aurrean ezinbestekoa da edariaren kontsumo bide berri honek dakartzan ondorioei erreparatzea; kafea goxoa, azkarra eta modu eroso zein garbian egiten dela badakigu, baina horren ondoren, zer?

Arrakastarekin batera, azken aldian boom honen ondorioz pilatzen den hondakin kopuruaren kezka ere hazi egin da eta sarritan jarri da auzitan honen hondakinen kudeaketa. Kapsula hauek ez dira ontzi arintzat hartzen, edukiontzi horian bota ahal izateko bide bakarra, kafe-arrastoak eta estalkiak banatzea delako. Beraz, arestian aipatutako azkartasuna, garbitasuna eta erosotasuna kolokan jartzen dira. Beste aukera bere kudeaketa egokirako Garbiguneetara eramatea da.  

Testuinguru honetan, hautabide ezberdinak aurkitzen ditugu. Horietako bat kapsula konpostagarriak erostea da. Biodegradagarriak diren kapsulak ez bezala, hauek materia organikoaren edukiontzi marroian bota daitezke eta konposta egiten lagundu, 3 edo 4 hilabetetan material horretan bihurtzen baita. Beste aldetik, badaude ere kapsulei bigarren bizitza ematen diotenek, haiekin zein baino zein originalagoak diren eskulanak eginez. Berrerabilpena helburu, poltsak, bitxiak, apaingarriak, lanparak edota hazitegiak egiteko hamaika ideia topa ditzakegu sarean.

Kafea egiteko modua aldatzeaz gain, edariaz gozatzeko momentuak ere aldatu egin dira eta geroz eta ohikoagoa da, aspaldi atzerrian soilik ikusten genuena, geureganatuta ikustea. Bizitza erritmoa areagotu den honetan, “eramateko kafea” maiz eskatzen da eta ohitura berri hauetan praktika egokiak ezartzearen gomendioa geroz eta sarriago entzuten dugu. Erabilera bakarra duten ontzien ordez, behin eta berriro erabil ditzakegun edalontzi zein termo aukera andanaren arteko bat hautatzea komenigarria da ingurugiroa zaintzeko.

Garbikerren Berriak