Hortzetako eskuilen itsasoa

2019/10/03

Inoiz pentsatu al duzu zure hortzetako eskuilaren bizitza oso laburra dela?

Horren inguruan gogoeta egiten baduzu, ohartuko zara zure bizitza guztian zehar, gutxi gora behera 300 eskuila erabiliko dituzula (kontuan izan behar da, aho-higienean adituak direnek hiru hiletik behin aldatzea aholkatzen dutela). Hasiera batean zifra arruntak diruditen arren, ingurugiroak garesti ordaintzen ditu kalteak.

Hortzetako eskuilak 75 urte inguru behar ditu degradatzeko, benetan datu esanguratsua da. Ohartuko zinen, azken aldian geroz eta ekimen gehiago egiten direla ingurumena zaintzeko helburuarekin eta horietako batzuk dira hondartzak garbitzeko egiten direnak. Irudi horietan oso ohikoa da tamaina handiko plastikoa eta zikinkeria ikustea, baina aldi berean, txikiak izanagatik, hortzetako eskuila pila bat jasotzen dira.

Tresna hauen bizitza oso laburra denez, aho higienerako baliagarriak ez direnean beste hainbat kontutarako erabil ditzakegula azpimarratu behar dugu, hala nola, garbiketarako. Zapatak, ordenagailuak, harraska, autoa… denetik garbitu daiteke dagoeneko ahorako balio ez duten eskuilekin. Berrerabilpena, hortaz, funtsezkoa izango da, ingurumenean egiten duten kaltea murrizteko. Adi, oso kezkagarria da datua: gure ozeanoetan dagoen plastikoaren %1 hortzetako eskuilak dira.

Begi-bistakoa da hortzetako eskuilaren erabilera ezin dugula ordezkatu, baina interesgarria da kontuan hartzea ohikoak direnetatik haratago doazen aukerak daudela. Ezagutzen al dituzu egurrezko hortzetako eskuilak? Egunerokotasunean ohitura jasangarriak hartzea komenigarria da, eta, aho higienearen alorrean, egurrezko hortzetako eskuilak erabiltzea aukera errespetutsuagoa da ingurumenarentzat, normalean erabiltzen ditugunekin alderatuta.

Geroz eta aukera zabalagoa da eta ia-ia nonahi topa daitezke. Pixkanaka gure egunerokotasunean sartzen ari dira eta dentisten ustez ere, hautabide egokia dira. Xaboiak edo kotoi-zotzak dira gure eguneroko higiene errutinan erabiltzen ditugun beste hainbat produktu kutsagarri, bizitza oso laburra dutenak, eta hauen kontsumoa beste aukera jasangarriago batzuekin ordeztea aholkatzen ditugunak.

Garbikerren Berriak