Etorkizun iraunkorrago baterantz BerrAktibatu+ programaren eskutik

2020/02/04

2012 eta 2018 artean Aktibatu+ egitasmoak Bizkaian izandako arrakasta handiaren ondoren, BerrAktibatu+ programak ekimenari jarraipena ematea du helburu, erronka eta helburu berriekin, guztiek iraunkortasuna ardatz nagusi dutelarik. Gogoratu beharra dago, Aktibatu+ programak emaitza bikainak lortu zituela: sei urtetan 4.281 etxe, 99 ikastetxe eta 3 unibertsitatetara –51.769 bat ikasletara, gutxi gorabehera– eta 112 udalerrira iritsi zen.

Garbiker programaren partaide da hasiera-hasieratik –bai Aktibatu+en, bai BirrAktibatu+en ondoren– erakunde sustatzaile gisa, hainbat eragile publiko eta pribaturekin batera: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, BGP, Metro Bilbao, Eroski, Naturklima eta Obra Social "la Caixa".

Bere aurrekariaren bideari jarraituz, BerrAktibatu+ ekimenaren helburua kontsumo-ohitura jasangarrien eta ingurumen iraunkortasunaren aldeko herritarren parte-hartzea sustatzea da. Programa Global Action Plan (GAP) erakundean oinarritzen da,  ingurumenean sortutako inpaktua murriztuz, herritarren bizi-baldintzak hobetzea xede duen nazioarteko GKE-a.

Programaren ekintzak etxe, ikastetxe eta unibertsitateei zuzenduta daude batez ere. Hala, multzo bakoitzarekin aldi berean garatzen diren eta hainbat arlotako gaiak (garraioa, kontsumoa, ura, hondakinak edo energia, esaterako) jorratzen dituzten doako programa espezifikoak daude. Honela laburbiltzen dira publiko bakoitzarentzako helburuak:

- Etxeetarako ekintzek etxetik bertatik iraunkortasuna lantzea bilatzen dute, energia, ur eta elikagai kontsumoan ohitura negatiboak zuzentzeko jarraibideak emanez. Ohitura horiek, ingurumen-inpaktua murrizteaz gain, etxeko gastu ekonomikoa murrizten ere laguntzen dute.

- Ikastetxeetako tailerren helburua ohitura jasangarriak haur eta gazteei irakastea da. Iraunkortasunaren eta ingurumenaren zaintzaren arloan hezkuntza-fasetik lan egitea eta sentsibilizazioa lantzea funtsezkoa da eguneroko bizitzako alderdi guztietan jardunbide egokiak finkatzeko.

- Unibertsitateko komunitateak, ikasle, irakasle eta ikertzaile, eta administrazio eta zerbitzuetako langileez osatutako taldeen bidez, askotariko gaiei  buruzko (ura, mugikortasuna, energia, hondakin-erosketa edo elikadura) proiektu espezifikoak lantzen ditu. Hainbat unibertsitate eta ikastetxetako ikasleek mugimenduarekin bat egin ahal izan dute.

Halaber, BerrAktibatu+ ekimena Agenda 2030en barneko Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin lerrokatuta dago. Helburuak elkarri lotuta daude eta erronka globalei aurre egiten diete, hala nola pobreziari, desberdintasunari, klimari, ingurumen-degradazioari, etab. Iraunkortasun globala lortzeko ezinbesteko helburuak, inor atzean utzi gabe.

Garbikerren Berriak