Bigarren eskuko merkatua

2023/05/10

Bigarren eskuko merkatua hazi egin da kontsumo iraunkorragoa sustatuz, gizartean izandako aldaketei eta ingurumenarekiko kontzientziazioari esker

Bigarren eskuko produktuen merkatuak goranzko joerari eusten dio, eta horrek bigarren bizitza bat ematen die lehendik dauden artikuluei, kontsumo iraunkorragoa sustatuz. Neurri handi batean, salerosketa-modu hori goraka doa gizartean izandako aldaketen ondorioz. Aldaketa nabarmenenak ingurumenaren kontserbazioari eta ekonomia zirkularraren garrantziari buruzko kontzientziazio handiagoa dira. Gainera, bigaren eskuko artikuluei buruzko pertzepzioa aldatu egin da, lehengo konnotazio negatiboak atzean utziz.

Horregatik, gaur egun bigarren eskuko artikulu-denda ugari daude. Nabarmendu behar dira bitartekorik gabe salerosteko erabiltzen diren webguneak edo aplikazioak, eroslea saltzailearekin harremanetan jarriz. Horien arrakasta baiezta daiteke; izan ere, milioika deskarga eta interakzio dituzte egunero, horietako bakoitzean balio erantsia sortuz, adibidez, arropa-packak erosteagatiko sustapenekin edo kalteak gertatuz gero bermea emanez.

Bigarren eskuko produktuen salerosketaren abantailetako batzuk honako hauek dira:

- Dirua aurreztea kalitate-galerarik gabe.

- Deskatalogatutako artikuluak eskuratzeko aukera.

- Informazio gehiago produktuei buruz, merkatuan daramaten denbora dela eta.

- Artikuluak berrerabiliz, ingurumena hobetzen lagundu.

- Artikulua saltzean inbertsioa berreskuratzea.

Jakina, beste alde batetik, desabantailak ere baditu:

- Stocka mugatua da, erosketa partikularrei egiten zaielako eta ez enpresa handiei edo handizkariei.

- Kasu askotan, produktuak aldez aurretik probatu ezin izateak, arropa-dendetan egin daitekeen bezala, erosleak produktuak itzultzeko arrisku handiagoa sortzen du.

- Batzuetan, artikuluak erosteko erabiltzen diren webguneek edo mugikorretarako aplikazioek zenbateko bat kobratzen dute plataforma erabiltzeagatik, eta, beraz, azken prezioa igotzen da.

Bizkaian, nabarmentzekoa da Koopera irabazi-asmorik gabeko kooperatibaren lana, bazterketa-arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko helburua baitu. Bere jarduera nagusia bigarren eskuko arroparen kudeaketa integrala da, baita bigarren bizitza bat izan dezaketen beste artikulu batzuen kudeaketa ere, hala nola liburuak, jostailuak edo tresna elektroniko txikiak. Lurraldean berrerabiltzeko 400 edukiontzi zuri baino gehiago daude, 100 udalerri baino gehiagotan banatuta, eta erabilgarri ez zaizkigun gaiak bertan utz daitezke. Bildutako produktuak birziklatzearen edo berrerabiltzearen bidez jarriko dira berriz ere merkatuan, Koopera Store-en bidez.

Garbikerren Berriak