Benetan behar dituzu plastikozko lastoak?

2020/03/18

Lastoek arinago edateko baino ez dute balio, haien erabilerak minutu gutxi batzuko iraupena du, eta ingurumenean duten eragina izugarri kaltegarria da. Izan ere, lasto gehienak ezin dira birziklatu, urte asko behar dituzte deskonposatzeko, eta askok, gainera, itsasoan bukatzen dute. Duela zenbait urte arrainei eta uretako hegaztiei katigatutako potoetako plastikozko eraztunen irudia oso zabalduta zegoen bezala, gaur egun, ohikoak dira dortoken sudur-zuloetan amaitzen diren lastoen irudiak.

Hori dela eta, Europar Batasunaren debekuari erantzunez, 2021etik aurrera plastikozko lastotxoak ez dira baimenduta egongo, elikagaietarako poliestirenozko erretiluekin, mahai-tresnekin, edalontziekin eta erabili eta botatzeko makilatxoekin batera. Akordio hori EBk hartuko dituen neurri gogorrenen hasiera baino ez da izango, izan ere, 2030erako birziklagarriak ez diren plastiko guztiak kentzea du etorkizuneko erronka. Erabaki horrek, noski, herritarren kontzientziazioa eta elkarlana eskatzen du.

Egun, paperezko lastotxoak dira plastikozkoen ordezkorik hedatuenak. Kafetegi eta jatetxe askotan eros daitezke, baina, itxura ona izan arren, lasto horiek ez dira iraunkorrak. Izan ere, trinkotasuna lortzeko duten zelulosa kopuru handiaren ondorioz, ez dira biodegradagarriak, ezta birziklagarriak ere. Horren froga, errefusaren edukiontzian utzi behar direla.

Beste aukera batzuk altzairu herdoilgaitzezko lastoak, banbukoak, silikonazkoak, zekalekoak, kristalezkoak eta jangarriak dira. Altzairu herdoilgaitzezkoak edari beroetarako gomendagarriak ez diren arren, oso iraunkorrak dira. Banbuzko kanaberaz egindakoak biodegradagarriak eta oso naturalak dira, haurrentzako ezin hobeak. Malguenak eta arinenak silikonazkoak dira. Hala ere, BPA gabe daudenak bakarrik erabiltzea gomendatzen da. Era berean, kristalezkoekin, erresistentzia handiko beiraz eginda egon arren, kontuz ibili behar da eta itsumustuko tenperatura aldaketak kontrolatu. Azkenik, lasto jangarriak gero eta gehiago ikusten dira ostalaritzan. Hauek edari hotzentzat gomendatzen dira, baina ez beroentzat.

Alternatiba ezberdinak ikusita, gogoeta egitea eta plastikozko lastotxoen benetako erabilgarritasunean pentsatzea baino ez da geratzen: benetan uste duzu behar dituzula?

Garbikerren Berriak