Beiraren birziklapena: prozesua zurekin hasten da

2020/02/21

Bazenekien beira behin eta berriz birzikla daitekeela bere jatorrizko ezaugarriak galdu gabe? Bere propietateei esker, beira %100ean birziklatzen da, material birziklatua ontzi eta objektu berriak egiteko erabiltzea ahalbidetuz. Bizkaian, 12 hilabetez birziklatutako beirarekin, 20,3 milioi botila inguru ekoizten dira, hau da, 10 urteko txakolin-ekoizpena. Gainera, edukiontzi berdean uzten den beiraren %98 birziklagarria da, eta edukiontzi horretan utzitako hondakinen %2 bakarrik uzten da modu okerrean.

Baina, zer gertatzen da edukiontzi berdean uzten ditugun ontziekin? Beira birziklatzeko prozesuan lau fase bereizten dira:

  1. Edukiontzi berdeetan bildutako beira Arabako sailkapen-plantara eramaten da. Bertan, materialak haien ezaugarrien arabera bereizten dira (dentsitatearen, kolorearen eta abarren arabera). 

  2. Behin sailkatuta, beira garbitu egiten da, eta beira ez den guztia kentzen da (etiketak, kola, tapoiak, etab.).

  3. Ondoren, hauts bihurtu arte xehatzen da. Modu horretan, hondakina zen beira baliabide bihurtzen da.

  4. Produktua beirazko ontzi berriak ekoizteko lehengai gisa erabiltzeko prest dago.

Jakina, prozesu hori ez litzateke posible izango beirazko ontziak egunero bereizten dituzten eta dagozkien edukiontzietan uzten dituzten herritarren laguntzarik gabe. Erabaki bat, keinu txiki bat, baina funtsezkoa birziklatze-prozesuan.

Gogoratu beharra dago, edukiontzi berdea kontserba-poteak, botilak (ardozkoak, zukuzkoak, uretakoak, ozpinezkoak) edo kosmetika-flaskoak bezalako beirazko ontzientzako dela. Noski, beirazko ontzien zati metalikoak, plastikozkoak, paperezkoak edo kortxo naturalezkoak kendu eta dagokion edukiontzira bota behar dira. 

Objektu batzuk edukiontzi berdean errorez uzten dira. Ohikoenak kristalezkoak dira: kopak, edalontzi eta pitxerrak, ispiluak, platerrak, bonbillak eta lanparak, besteak beste. Akats horiek saihesteko, hondakinen gaikako bilketari eta edukiontzi bakoitzaren erabilera egokiari buruzko informazio gehiago hemen aurkitu ahal duzu.

Garbikerren Berriak