"Ekonomia Zirkularra Bizkaitik" jardunaldia

2019/03/07

Entitate publiko eta pribatu ezberdinak Hondakinei Buruzko Ingurumen Hezkuntzarako Bizkaiko Zentroan izan dira “Ekonomia Zirkularra Bizkaitik” ekitaldian parte hartzeko. Bertan azpimarratu dutenez, hiritarren eta sektore publiko bai pribatuen arteko lankidetza hondakinen kudeaketa, tratamendu eta berrerabilpen arloan oso garrantzizkoa da, eta baita ingurugiro eta gizarte onuren sorreran.

Bost ordutan zehar, enpresak ekodiseinu edo ekonomia zirkularraren fundamentuak bezalako gaien inguruan aritu dira. Halaber, denen ahotan izan da funtsezkoa dela hiritarrekiko gardentasuna izatea, konfiantzaren sorreraren bidez entitate publiko, pribatuen eta hiritarren arteko partaidetza garatu aldera.

Unai Gangoitik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendariak, eman dio hasiera jardunaldiari, bere aurkezpenean Garbikerrek hondakinen kudeaketa prozesuan jarraitzen dituen sei oinarri nahitaezkoak azalduz (gaztelaniaz “6 R” legez ezagunak direnak): murriztu, berrerabili, birziklatu, berreskuratu, berrezi eta birgizarteratu. Horren inguruan Gangoitik esan duenez, “hau da Bizkaian bilatzen dugun ekonomia zirkularra”. Hizketaldia bukatzeko gainera, “prozesu honek guztiak sortzen dituen lanpostuen garrantzia” gogoratu du.

Josu Bilbaok, Garbikerreko Zuzendari Arduradunarenak, hondakinen ekonomia zirkularra testuinguruan ipintzeko zenbait adibide jorratu ditu. “Zaborrik onena sortzen ez dena da” leloa erabiliz, heziketaren bidez hondakinen sortzea nola eragotzi daitekeen azaldu du. Bestalde, behin abarrak sortuta Garbikerren hauekin zer egiten den ezagutzera eman du.

Gaikako bilketaren inguruko gogoetak nagusi izan dira jardunaldian. Bilbaok adierazi duenez, “Bizkaian aitzindariak gara bilketa mota honetan, 2017an %48,08 suposatu zuen.  Europako beste herrialdeentzat eredu gara, agente europar askok gure sistematik ikasi nahi dute; hobetzear asko badugu ere, ondo ezarria dagoelako”. Orobat, biltze sistema publiko-pribatua den aldetik, “udaletxe, enpresa eta hiritarren arteko lankidetza nahitaezkoa da, Aldundiaren zeregina Bizkaian kalitatezko azpiegitura ezartzea den bezala”.

Bizkaiko ekonomia zirkularra enpresen ikuspuntutik

Behin Bilbaoren txanda bukatuta, ekonomia zirkularrean parte hartzen duten bederatzi enpresa ezberdinen ordezkariek hartu dute hitza banan-banan. Jose Arrancudiaga Armendarizek, ECOEMBESeko Bertako eta Erkidegoko Kudeaketa Zuzendariak, ontzien balio-bizitza luzatzeko dauden aukera ezberdinak aditzera eman ditu: ontzien edukiera handitzea ahalbidetzen duten egokitutako diseinuak, material birziklatuaren erabilpena edo ingurugiroarentzat atsedengarriak diren materialen baliatzea.

Oskar Acedo Olivenzak, ECOVIDRIOko Zonaldeko buruak Bizkaiak beira birziklatze arloan duen tasa handiaz hitz egin du: 21,8 kilogramo inguru biztanle bakoitzeko. Adierazi duenez gainera, “beiraren birziklatzea ekonomia zirkularraren eredu paregabea da, biltzen den beiraren %100 berriro erabiltzen baita”.

FERROVIAL enpresako Gerenteak, Gemma Leguinagoicoak, Europak ezartzen dituen helburuak betetzeko gizarteak zen egin ahal duen azaldu du: “Hizkuntza aldatu beharra dugu, zaborraren ordez, hondakinei buruz hitz egin. Gizarteak badaki birziklatzea garrantzitsua dela, hiritarrei ez zaie informazioa falta, motibazioa baizik”. Horregatik, bere aburuz hiritarrei ahotsa eman behar zaie, birziklapena arlo lokalera, pertsonalera eta emozionalera eraman.

EROSKItik Cristina Rodríguez Domingo bertaratu da, taldearen Jasangarritasunerako Arduraduna. Honek, taldearen arrakasta kasua azaldu du: alderantzizko logistika erabiltzen dute taldeak sortzen dituen hondakinak, dendetan eta gainerako azpiegituretan kudeatzeko, eta ekodiseinuan oinarritutzen dira ontziak berritzeko. “Sortzen ditugun paketatze guztiak 100% birziklagarriak izan daitezen nahi dugu, gure hondakinetatik ontzi berriak sortu ahal izateko”.

Teknologiak bere lekua izan du ere. Dorleta Guarde Arroyok, INDUMETAL RECYCLINGeko I+D+i Arduradunak, azaldu duenez, aparailu elektriko eta elektronikoak beharrezkoak dira gaur egungo bizi estiloan, eta noski, hauek birziklatzea nahitaezkoa da ere, hauen hondakinak ingurugiroarekiko kaltegarriak baitira. Gainera, birziklatze prozesuan kobrea bezalako balizko lehengaiak berreskuratu ahal dira. Zentzu horretan, “industria honetan teknologiak ezin du aldaketa ekidin, ekonomia zirkularrera moldatu behar da”, atxiki du Guardek.

Ehunaren birziklapenaren eta bergizarteratze laboralaren inguruan, Enrique Osorio Guilbert aritu da, KOOPERAko Marketing eta Komunikazio Arduraduna. Aipatutako entitateak 18.000 tona arropa kudeatzen ditu urtean, eta jarduerarekin 600 lanpostu sortzen ditu. Osoriok baieztatu duenez, KOOPERAn gizarte eta ehungintza zikloa batzen dira, gizarte lanpostuak sortuz. “Bizkaian 400 kontainer baino gehiago daude, eta Estatu mailan bigarren eskuko 35 denda. Gure fundazioak bigarren erabilpena izan duten milioi erdi eta erdi baino gehiago saldu ditu”, erantsi du.

Jardunaldian hondakinekin sortu ahal den energiaren inguruko hausnarketa egin da ere. ARTIGAS Ekoparkean kokatzen den ZABALGARBIko Harreman Instituzionalen eta Komunikazioaren Arduraduna den Jose Pérez Aparicio izan da eta bere entitatean egiten denaren zergatia oso argi azaldu du: “Hondakinak ekiditea edo birziklatzea posible ez denean hobe da, bai ingurumen bai ekonomia aldetik, bere eduki energetikoa berreskuratzea”. Halaber, Europa mailan birziklatze tasarik handiena dituzten herrialdeak haien hondakinen balore energetikoa gehien baloratzen duten berberak dira.

Bestalde, pneumatikoen hondakinen kudeaketa nola egiten den azaltzeko Gabriel Leal Serrano, SIGNUSeko Zuzendari Nagusia egon da. Lealen aburuz, kontsumismoa dela eta “lehengaiak bukatuko dira” eta horregatik hauek birziklatzea nahitaezkoa da. Pneumatikoen kasuan adibidez, kautxoa eta pneumatiko hautsa zelai artifizialak, errepideak edo zapatilen zola, besteak beste, egiteko erabiltzen da. Miguel Ángel Sanzek, VALORIZAko Ingurumen Proiektu Berezien Arduradunak, Lealekin bat egin du, eta bere hizketaldian pneumatiko hautsarekin egiten den RAR Xa fabrikatzearen garrantzia azpimarratu du: “RAR Xak gizartearen deiei erantzuna ematen dio, hiriguneetako zarata murrizten laguntzen du gurpilek zarata gutxiago egiten dutelako errepidearekin talka egitean, eta segurtasuna atxikitzen du ohiko asfaltoa baino iraunkorragoa delako”.

Jardunaldia Hondakinei Buruzko Ingurumen Hezkuntzarako Bizkaiko Zentroan bukatu da, duela 14 urte sortu zenetik 90.000 pertsona jaso dituelarik.

Garbikerren Berriak