Zer egin dezakezu zaborra itsasoan amai ez dadin?

2023/09/05

Itsasoek eta ozeanoek gizakiok ibai, itsaso eta hondartzetan botatzen ditugun hondakin asko biltzen dituzte. Itsas inguruneko hondakinen deskonposizioa geldoagoa da lehorreko ingurunean baino, eta are gehiago kontuan hartuta hondakinen %85, NBEren arabera, plastiko mota desberdinak direla. Gainera, 5,25 milioi plastiko-partikula ozeanoetan flotatzen ari dira, baina, ustez, itsas zaborraren %15 baino ez dago azaleran. %15ur-zutabean dago eta %70 itsas hondoan, beraz, gainazalean jasotzen diren hondakinak aurki ditzakegun hondakin guztien erakusgarri txiki bat baino ez dira.

Elementu horiek ez biodegradatzeak ondorio kaltegarriak ditu ingurumenean. Plastiko horiek gero eta zati txikiagotan desegiten dira denborarekin: mikroplastiko eta nanoplastikoetan. Era berean, eragin handia dute itsas bizitzan, sistemaren degradazioa bizkortzen dutelako eta flora eta fauna substantzia kimikoen eraginpean jartzen dituztelako. Urtean milioi bat animalia hiltzen dira plastikoa eta elikagaiak nahasteagatik.

Egoera horiek saihesteko, zenbait ekintza egin ditzakegu gure egunerokoan itsasoan amai daitezkeen hondakinak murrizteko:

- Saihestu erabilera bakarreko plastikoak. Erabili ontzi eta produktu berrerabilgarriak eta biodegradagarriak, erabilera bakarreko produktuak eta plastiko kutsagarriak saihestuz.

- Arduraz jokatu, ez utzi zaborra naturan. Gure herri eta hirietako lurrean botatzen ditugun hondakinak ibai eta itsasoetan amai daitezke haizearen edo euriaren eraginez. Ingurune natural batera txangoa egiten baduzu, bildu beti sor dezakezun zabor guztia, baita janari hondarrak ere.

- Bota zure hondakian horretarako egokia den edukiontzian. Bereizi hondakinak dagokien edukiontzian utziz, ez kanpoan. Bizkaian 8 edukiontzi mota ditugu.

- Jasangarritasunaren 7 printzipioak jarraitu, ingurumenaren iraunkortasuna eta kontserbazioa kontuan hartuta.​​​​​​​

Bizkaia Zero Zabor Uretan ekimenarekin ari da lankidetzan, hondakinak murrizteko konpromisoa erakutsiz. Kanpaina honen helburua itsasoko zaborren arazoaz kontzientziatzea eta herritarrak horien prebentzioan inplikatzea da. Horretarako, jendearentzako jarduera irekiak antolatzen ditu zeharkatzen dituen portuetan. Jarduera horien artean daude Mater itsasontzi ekomuseorako bisita gidatuak, tailerrak edo itsasoko zaborrak itsasora ateratzeko arrantza irteera.

Garbikerren Berriak