BIRZIKLAPENA, KALEAN BERTAN

Datorren astelehenean, hilaren 12an, Iurretan eta Durangon abiaraziko da ekimena, eta asmoa da Bizkaian birziklapen kontrolatua haz dadin lortzea.Oraingoz, 83 udalerri atxiki zaizkio ekimenari. Esperientzia pilotua da, eta bi etxola izango ditu –10 bat metro kubikokoak–, baserriaren antzeko diseinukoak eta bandalismoaren aurkako egitura metalikodunak. Herritarren aldetik jasoko den erantzunaren arabera, antzeko egitura ibiltari gehiago eskuratu ahal izango dira, zerbitzua osatzeko.

Zerbitzua guztiz doakoa izango da. Udalek espazio publikoak laga dituzte, herriguneetan kokatuta eta sarbide errazekoak, hamar hondakin mota uzteko aukera duten edukiontzi hauek jartzeko. Etxola bakoitzak tiradera batzuk izango ditu, euskaraz eta gaztelaniaz identifikatuta, bertan utzi beharreko hondakin mota adierazita.

Garbigune mugikorra udalerrietan zehar ibiliko da, gehienez, astebeteko maiztasunarekin, Udal bakoitzak eskatutakoaren eta udalerriaren tamainaren arabera; eguneko 24 orduetan egongo da erabilgarri, astelehenetik ostiralera.