Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Enpresa
Kontratazio eremua
Iraunkortasunaren aldeko Aktibatu+ programa...

Iraunkortasunaren aldeko Aktibatu+ programa Bilboko etxeei zabalduko zaie, ikasturte honetan 14.000 ikasleri iritsi ondoren

2018(E)KO URTARRILAREN 25(A) 13:06

Ekimen honen xedea da bizi ohiturak aldatzea ur, energia, mugikortasun, erosketa eta hondakin-kudeaketaren arloan, gure lurraldeko ikastetxeetan eta familien artean iraunkortasuna sustatzeko. Aurtengo edizioa Bilbon egingo da eta programako azkena izango da. Bizkai osoan zehar ibili da eta 80 ikastetxetara iritsi da (43.204 pertsona) eta 2.302 etxetara. Aurreko azken bost edizioetan programa honek, besteak beste, lortu du 69 tona CO2 aurreztea eta zentro bakoitzean kontsumo energetikoa %16,8 jaistea.

Programan parte hartzen duten elkarteetako ordezkariak

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena den Aktibatu+ programaren xedea da herritarrak inplikatzea haien bizi ohitura aldatzeko eta hala gure lurraldeko iraunkortasunaren arloan aurrera egiteko. Gaur programa honek etxeen partaidetzara zuzendutako faseari ekingo dio azken seigarren edizio honetan.  Une horretatik aurrera, Bilbon bizi diren interesdunak programa honetan inskribatu ahalko dira ekimenean parte hartzeko, ikasturtearen hasieratik 19 ikastetxetako 369 ikasle egiten ari diren bezala.  

Honakoak ere Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen honen lankideak dira: Eusko Jaurlaritza, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, Bizkaiko Garraio Partzuergoa, Metro Bilbao, Eroski Taldea, "La Caixa" Gizarte Ekintza, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Iberdrola. Egitasmoa Nazio Batuek babestutako Global Action Planean (GAP) oinarritzen da. 

Programan izena eman nahi duten etxeek Aktibatu+ programako webgunearen bidez egin dezakete; horretara Bilboko Udalaren webgunearen bidez ere sar daiteke (seigarren edizio hau gehienbat udalerri horretan garatuko baita) edo www.bizkaia21.eus atariaren bidez, betiere Aktibatu+ atala kontsultatuz.   

Erregistratu ondoren, plataformak galdera soil batzuen bidez ebaluatuko du eguneroko ohituren iraunkortasuna eta, behin ebaluazio hori eginda, eragin beharreko alderdiak nabarmenduko dira usadio horiek ingurunean duten eragin negatiboa hobetzeko, horretarako informazio eskuliburu praktikoak erabiliz.

Aktibatu+ programaren fase hori amaituta, etxeetara zuzendutako atalean parte hartu duten pertsonak sarien zozketa batean sartuko dira. Aurtengo sariak honako hauek izango dira: bizikleta bat, bi gaueko asteburua bi pertsonentzat landetxe batean, Bizkaiko Foru Aldundiaren 10 liburu sorta, Eusko Jaurlaritzaren 10 liburu sorta, zetazeoen eta kostaldeko jarduerei buruzko lau bilduma eta Urdaiko paduretatik zeharreko bost ibilbide gidatu (azken hiru sari horien barnean Euskadiko Biodibertsitate Zentroa ikusteko bisitak ere sartzen dira).   
Aurreko bost faseetan, etxeen programa 111 udalerritan garatu da eta orotara 2.302 etxek parte hartu dute. Etxe horien aurrezpenak honakoak izan dira: %4,7 energian, %3,7 uretan, %2,3 erosketa eta hondakinetan eta %1,5 mugikortasunean.

Ikastetxeak

Ikastetxeetan bakoitzak ikasle talde bat hautatzen du (20 ikasle gutxi gorabehera) eta taldea irakasle batek koordinatzen du.   Taldea proiektua aurrera eramateaz arduratzen da, ikastetxe osoa sentsibilizatzeko helburuarekin. Proiektua hasierako ikuskapen bat eginez abiatzen da; haren barruan neurketa kuantitatiboak eta elkarrizketa bat jasotzen dira, ikastetxean jorratu beharreko gaiaren gestioa nola egiten den jakiteko (energia, erosketak-hondakinak). Behin ikuskapena eginda, taldean emaitzak aztertzen dira; horren ondoren, taldeak txosten bat prestatzen du ondoriorik garrantzitsuenak bilduz. Txosten horretan oinarri hartuz, taldeak ekintza eta komunikazio kanpaina bat garatzen du, eskola komunitatearen ohiturak hobetzeko lantzen ari den gaian.  Ondorengo fase batean, ikuskapena errepikatzen da lortutako emaitzak lehenengo neurketakoekin alderatzeko eta lortutako hobekuntzak baloratzeko. Azken tailerrean lorpenak laburbiltzen dira eta lortutako emaitzak ospatzen dira.

Programaren edizio honetan energiaren moduluan Bilboko 7 ikastetxe ari dira parte hartzen: IES San Ignacio BHI, CPES Sta. María de Artagan BHIP, CPEIPS El Ave María HLBHIP, CPEIPS Kirikiño Ikastola HLBHIP, CEIP Zamakola-Juan Delmas HLHI, IES Rekaldeberri BHI eta CPEIPS Pureza de María HLBHIP. Modulu honetako taldeak osatzen dituzten 134 ikasleek eta 12 irakasleek zehaztutako helburua da energia kontsumoa %5 murriztea, ikastetxeetan lan egiten eta ikasten duten eta guztira 4.974 pertsonako komunitatea osatzen duten pertsona guztiak kontzientziatuz. 

Erosketa-hondakinen moduluan aurreko ikasturtean energiaren modulua landu zuten 7 ikastetxe ari dira parte hartzen. Zehatzago zentroak honako hauek dira: CPEIPS San Juan Bosco HLBHIP, IES Minas BHI eta CPCPI Barakaldo HLPIP (Barakaldo); CEIP Serantes HLHI, IES Kantauri BHI eta IES Axular BHI (Santurtzi); eta CEIP Prudencio Cantarrana HLHI (Muskiz). Modulua Bilboko bost zentroetan ere garatzen ari dira: CPES Bilboko Ostalaritzako Goi Eskola BHIP, CPES Arce BHIP, CPES Gurutze Gorria BHIP, CEIP Ing. José Orbegozo Gorostidi HLHI eta IES Eskurtze BHI.  Horiek guztiek zehaztutako helburuen artean nabarmentzen dira ikastetxe bakoitzaren erosketa irizpideak aldatzea, hondakinen sorkuntza %4 murriztea eta hondakinen gaikako bilketa %3 gehitzera.

Guztira, 235 ikaslek eta 20 irakaslek parte hartzen dute programaren ekintza taldeetan, eta hori guztia ikastetxeetako ikasleen eta pertsonalaren artean 9.228 pertsonak osatutako komunitate batera iritsiko da.

Aurreko edizioetako emaitzak

Ikasleei zuzendutako programaren zatian orain arte 80 ikastetxek parte hartu dute: 51k energiaren moduluan eta 29k erosketa-hondakinenean. Horrek esan nahi du programa 43.204 pertsonari iritsi zaiola, zentroetako ikasleak, irakasleak eta gainerako pertsonala kontuan hartuta.  

Programaren baitako ekimenak garatzean, energiaren moduluan guztira 69 tona CO2 aurreztea lortu da urtean, bai eta kilovatioen %16,8 ere ikastetxe bakoitzean. Erosketa-hondakinen moduluari dagokionez, ikastetxe gehienentzat programa parte hartzeak berekin ekarri du konturatzea zer dakarren hondakinen kudeaketak, ez bakarrik ikastetxearen eremuan, baizik eta gizarte osoarentzat. Gaikako bilketa egiteko modua ikastetxe gehienetan hobetu zen eta hondakin mota batzuetan ere jaitsi zen sortutako kopurua. Erosteko irizpide batzuk aldatu ziren ikastetxean sortutako hondakinen kopurua murrizteko, adibidez bidezko merkataritzaren produktuak gehituz eta ontzirik handienak eta edalontzi eta kikara berrerabilgarriak dituztenak lehenetsiz (ontziratutako produktuak saihestearren).

Aktibatu+ programaren lehenengo edizioa 2012-2013 ikasturtean egin zen Amorebieta-Etxano, Durangaldea, Ermua eta Mallabian. 2013-2014ko ikasturtean Arratia eta Nerbioi-Ibaizabaleko eskualdeetan garatu zen. 2014-2015eko ikasturtean ekimena Busturialdea-Urdaibai, Lea-Artibai eta Uribe-Kostan eraman zen aurrera ( Erandio, Getxo eta Leioan izan ezik). 2015-2016ko ikasturtean ekimena Mungialdeko eta Txorierriko udalerrietan garatu zen, bai eta Erandion, Getxon eta Leioan ere.  2016-2017ko edizioan, ingurumen programa hau Enkarterrin, Ezkerraldean eta Meatzaldean garatu zen.

 

Ulertuta

Validación Accesibilidad Validacioón XHTML Validación CSS