Aldundiaren logotipoa

Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia

Hizkuntzak

Enpresa
Kontratatzaile Profila
Bizkaiko Ingurumen Hezkuntzako Zentro berrian...

2017(E)KO APIRILAREN 20(A) 11:00

Bizkaiko Ingurumen Hezkuntzako Zentro berrian Aldundiak ezagutzera emango du nola kudeatzen diren hondakinak

IRAUNKORTASUNA ETA INGURUNE NATURALAKO SAILA

Artigan kokatutako instalazio horietan ezagutu ahal izango dira, besteak beste, materiaren zikloa, hondakinek sortzen diren lekutik berrerabilera, erreziklapen eta balorizazio zentroetaraino egiten duten ibilbidea, gure lurraldeak hondakinak kudeatzeko dituen azpiegiturak, eta kontsumo neurrigabeak dakartzan ingurumen-arazoak. Horretarako, herritar guztientzako hezkuntza programak ditu zentroak, eta euskarri fisiko eta elektronikoak, lantegiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta talde-dinamikak baliatzen ditu. Foru ekipamenduak baditu zenbait erakusketa-gela, ikus-entzunezkoen gela interaktibo bat eta gaikako bilketarako gune bizidun bat Artigako hondakindegiko lixibiatuen instalazioari atxikita. Instalazio hori ikusteko bisita ere zentroko hezkuntza programaren parte da.

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du Bizkaiko Hondakindegiei buruzko Ingurumen Hezkuntzako Zentro berria. Bertan erakutsiko da nola kudeatzen diren hondakinak eta zer azpiegitura dituen lurraldeak kudeaketa hori egiteko, gaiarekin zerikusia duten beste gauza batzuen artean. Instalazio horiek badituzte zenbait erakusketa-gela, ikus-entzunezkoen gela interaktibo bat eta gaikako bilketarako gune bizidun bat inguruetan dagoen hondakindegiko lixibiatuen instalazioari atxikita. Monitore taldeak leku horietan guztietan gauzatzen du hezkuntza programa; horren bitartez, gainera, herritarrei kontzientzia harrarazi nahi zaie neurrigabeko kontsumoak sortzen dituen ingurumen-arazoez eta garapen iraunkorragoa lortzeko jarrera eta jokabideak aldatu beharraz.

Ekipamendu berri horren funtzionamendurako, Aldundiak hitzarmena sinatu du, instalazioen jabe den Garbiker sozietate publikoaren bitartez, zazpi enpresarekin. Guztiak ere hondakinen birziklapenaren eta berrerabileraren arloan diharduten enpresak dira: Signus, Rafrinor, Koopera, Indumetal, Ecovidrio, Ambilamp eta Trienekens. Eta Aldundiak honako helburu hauek ezarri ditu, beste batzuen artean:

* Zerbitzu aurreratua eskaintzea hondakinen prebentzioari, kudeaketa iraunkorrari eta balorizazioari buruz, ikuspegi berritzailea hartuta eta Bizkaia osoari begira.
* Ezagutzera ematea materiaren zikloa eta hiri nahiz etxeetako hondakinek sortzen diren lekuetatik berrerabilera, birziklapen eta balorizazio zentroetaraino egiten duten ibilbidea, bilketa guneak ere kontuan hartuta.
* Hondakin gutxiago sortu behar dela eta sortzen diren hondakinak berrerabili eta birziklatu egin behar direla zabaltzea, eta jokabide hori sustatzea.
* Hondakinak kudeatzeko zerbitzuak, zirkuituak eta azpiegiturak erakustea, bai Artiga-Arraizko ekoparkean daudenak bai lurralde osokoak, haien ikuspegi osoa eskainiz.
* Herritarrei helaraztea neurrigabeko kontsumoak eta hiri nahiz etxeetako hondakinen sorrerak dakartzaten ingurumen-arazoak, arazo horiek konpontzeko engaiamendua eta Bizkaian planteatzen diren konponbideak. Ildo berean, sortzen diren hondakinek ingurumenean duten eraginaz sentikortzea, jarrera eta jokabide aldaketaren beharraz gogoeta egitea, eta aldaketarako nahiz gizarte konpromisoaren hobekuntzarako proposamenak ere zirriborratzea, ingurumen hezkuntzako jardueren barruan.
* Eta iraunkortasunari begira hondakinek dituzten ondorioez kontzientzia har dadin erraztea.

Hori guztia lortzeko, zentroan diharduen lantaldeak hiri nahiz etxeetako hondakinei buruzko prestakuntza programa batzuk garatu ditu: besteak beste, erakusketa interaktiboa, lantegiak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, talde-dinamikak, eta alboan dagoen lixibiatuen instalazioa ikusteko bisita.

Bizkaian hondakinak nola kudeatzen diren ikusi eta iraunkortasunaren eta garapen iraunkorraren berri jakin nahi duen edonorentzat zabalik egongo da zentroa, baina, horretaz gainera, gazteentzat beren-beregi antolatutako jarduerak eta informazio kanpainak ere egingo dira bertan.
Zentrora bisita egiteko, mezu elektronikoa bidal daiteke helbide honetara: artigas@haizelan.com.


Validación Accesibilidad Validacioón XHTML Validación CSS